Argaltzeko dietak: zeintzuk jarraitu eta zeintzuk saihestu?

Modan jarri diren argaltzeko dieta edo metodo batzuk arriskutsuak izan daitezke osasunarentzat

Gizartean ohikoak diren gaixotasun asko prebenitu eta kontrolatu ahalko lirateke bizimodua aldatuz,hots, dietan eta jarduera fisikoan zenbait aldaketa eginez. Horien artean daude hipertentsioa, diabetesa, kolesterol eta triglizerido-maila altuak, minbizia eta obesitatea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), 18 urtetik gorako pertsona helduen % 39k gehiegizko pisua du eta % 13k obesitatea. Argaltzeko asmoa oso ohikoa izaten da Gabonen ondoren, udan edo elikagai gehiegi hartzen diren garaietan. Baina zeintzuk dira pisua jaisteko estrategia gomendagarriak? Artikulu honetan, adituek gai honi buruz esaten dutena aztertzen da; zein dieta mota diren eraginkorrenak, eta zein, ordea, saihestu beharrekoak.

Obesitate-tasak handitzen ari dira herrialde gehienetan, gero eta elikagai gehiago dagoelako eskuragarri, kaloria-eduki altuko elikagai (gantzetan eta azukrean aberatsak) gehiago ahoratzen ditugulako eta jarduera fisikoa gutxituz doalako. Mugimendu gutxi eskatzen duten lanpostuek, garraiobide berriek eta urbanizazioen hazkundeak bultzatuta, populazioa gero eta sedentarioagoa da.

Gainera, gaur egun gailentzen diren eredu estetikoek argaltasuna sustatzen dute edertasunaren forma gisa, eta jateko ohitura zuzenen inguruko kontzientziazioa gizartean zabalduta badago ere, ez dago politika eta formakuntza nahikorik populazioak jateko ohitura eta bizimodu egokiak lor ditzan. Zein estrategia dira egokiak argaltzeko? Zeintzuk utzi behar dira alde batera?

1. urratsa. Zer esaten dute adituek?

Lehenik eta behin, zein dieta mota jarraitu nahi den erabaki baino lehen, komeni da jakitea adituek dietei eta pisua galtzeari buruz zer esaten duten. Infekzio bat edo beste tratatzeko antibiotikorik egokiena zein den jakiteko ez genioke auzoko bati galdetuko, eta kasu hauetan ere, ezin da edonorengana jo; dietetika eta elikaduran espezialista den norbaitengana jo beharko genuke, gure elikadura zuzen antolatzeko.

Pertsona bakoitzarentzat egokia den dieta mota erabaki baino lehen, dietista-nutrizionistak galdera ugari egiten ditu aurrekari patologikoak, parametro antropometrikoak (pisua, altuera, gorputz-masaren indizea edo GMIa, ohiko pisua, etab.) eta pertsonaren jateko ohiturak ezagutzeko. Horrela, banako bakoitzaren azterketa egin ondoren, tratamendu dietetikoa optimizatu ahal da.

Adituek gomendatzen dute tratamendu dietetikoa kaloriak murriztean oinarritzea (500-1.000 kaloria eguneko gutxiago ohiko dietan baino), planteamendu murriztaileagoak saihestea (hau da, 1.000-1.200 kilokaloria azpitik egunean emakumeengan eta 1.200-1.600 azpitik gizonengan). Gantz kantitatea eta karbohidratoak kontrolatu behar direla ere adierazten dute.

Gainera, pisuaren kontrol sendo bat lortzeko, tratamendu dietetikoak egoera hauek saihestu behar ditu:

  • Desnutrizio egoerak eragitea edo mantenugai desberdinen defizita; esaterako, bitaminak edo mineralak.
  • Pazienteen arrisku kardiobaskularra txartzea.
  • Handitzea elikadura portaeren gorabeherak pairatzeko arriskua, hots, anorexia nerbiosoa, bulimia edo gisakoak.
  • Kontzeptu okerrak transmititzea obesitatearen eta bere tratamenduaren inguruan.
  • Frustrazio-sentimendua sustatzea, negatiboki eraginez pertsona obesoaren egoera psikologikoan.
  • Aldaketak eragitea metabolismo energetikoan, pisua galtzearen aurrean "erresistentzia "egoerak eragiten dituen metabolismoan, horretarako etengabe dietak egitera bultzatuz.

Beste helburu batzuk, ordea, lortu beharko lirateke:

  • Gantz korporala gutxitzea ahalik eta masa muskular gehien mantenduz.
  • Denbora luzean zehar egin ahal izatea.
  • Eraginkorra izatea epe luzera, galdutako pisua mantentzeko.
  • Etorkizunean pisua irabaztea saihestea..
  • Elikadura-hezkuntza funtzio bat berekin izatea, bazter ditzan akatsak eta jateko ohitura desegokiak.
  • Obesitatearekin erlazionatutako arrisku-faktoreak gutxitzea (hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia edo hipertriglizeridemia, diabetesa etab.).
  • Gehiegizko pisuari lotutako beste arazo batzuk hobetzea (loaldiko apnea, artrosia, minbizi-arriskua, etab.)
  • Autoestimua berreskuratzeko hobekuntza psikosomatiko bat eragitea.
  • Gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetzea.

2. urratsa. Zein dieta saihestu behar dira?

  • Dukan dieta. Pierre Dukan frantsesa izan da haren sustatzaile nagusia. Dieta hau izan da komunikabideetan gehien izendatu denetako bat eta mundu osoko ospetsuek gehien erabili dutenetako bat. Fase ezberdinetan egituratu den dieta bat da, batez ere, animalia jatorriko proteienen (haragia, arraina, arrautzak, esnekiak) kontsumoa bultzatzen duena pisua galtzeko.

    Orain urte gutxi izan zuen goren unearen ondoren, haren agerikotasunak nabarmen egin zuen behera haren egilea bere herrialdeko mediku elkargotik bota zutenean.
    Dukan dieta elikagai arau arbitrarioetan oinarritzen da, Dukan jaunak inongo oinarri edo zehaztasun zientifikorik gabe zehaztu zituenak. Gainera, "mirarizko dietak" izenaz ezagutzen direnen ezaugarri berak betetzen ditu eta osasun-arazo larriak eragin ditzake.

  • Atkins dieta. Oso ezaguna den erregimen dietetiko honek gantz eta proteina asko dituzten elikagaiak hartzea sustatzen du eta karbohidrato asko dituzten elikagaien kontsumoa gutxitzea, hala nola pasta, ogia, patata, arroza, egoskariak, etab.

    Ez dago epe luzeko lanik mota horretako dieten eragin kaltegarriak aztertu dituenik. Baina ez du inolako sozietate zientifikok gomendatzen, dieta hori jarraitzen duen pertsonaren arrisku kardiobaskularra handitu eta idorreria eta zetogenesia eragin ditzakeela kontuan hartuta. Gainera, dieta orekatuen inguruko okerreko kontzeptuak sustatzen ditu.

  • Ananaren dieta, orburuarena edo astigar-jarabearena (elikagai batean oinarritutako dietak). Guztiz desorekatutako dieta horietan egoera osasuntsu bat bermatzen duten mantenugaien ekarpena zalantzan jartzen da. Dieta defizitarioak dira proteinatan, zuntzean eta mineraletan eta horren ondorio fisikoak larriak izan daitezke denboran zehar luzatzen badira (gehienetan egun kopuru jakin batean egiteko sustatzen dira, hortaz, eragin ditzaketen arazo nutrizionalak gutxitu egiten dira).

    Dieta hauek ez dute aldaketarik sustatzen pertsonen bizi-ereduan, eta beraz, lortutako adaketek, kontuan harturik ez dutela masaren galera eragiten baizik eta urarena eta masa muskularrarena, pisuaren berehalako berreskuratze bat eragingo dute behin dieta utzi ostean ("yo-yo efektua" izenaz ezagutzen dena).

  • Dieta arazgarriak. "Araztea" edo organismoa desintoxikatzea kontzeptu faltsuaren atzean, desintoxicar el organismodieta mota horiek hartzen diren elikagai kopurua gutxitzea eta, bestalde, desintoxikatze horretan laguntzen omen duten substantziak hartzea sustatzen dute. "Eragile desintoxikatzailea" zein denaren arabera, dieta mota horiek osasun-arazo larriak eragin ditzakete. Baina, gainera, ez da existitzen base zientifikorik gorputza elikagaiez "desintoxikatu" behar dela pentsarazten duenik. Osasun-egoera on bat sustatu nahi bada, egokiagoa litzateke gantza eta azukrea duten elikagai guztietatik "desintoxikatzea", organismoarentzat kaltegarriak baitira, ez bakarrik garai batean, baizik eta luzaroan.

3. urratsa. Orduan, zein dieta egin?

Ez izan zalantzarik: jar zaitez dietista-nutrizionista baten eskuetan edozein terapia dietetiko egin baino lehen. Gogora ezazu dieta orekatu bat, pisu-galera bultza dezan eta osasun-egoera on bat ziurta dezan, mediku eta elikadura sozietate guztien arabera barazkien, zereal integralen eta landare-jatorriko elikagaien kontsumoan oinarritu behar dela. Espezialista batek pertsona bakoitzaren balorazio zehatz bat egin behar du kasu bakoitzerako terapia dietetiko egoki bat aukeratzeko, baina beti segurtasun-kontzeptuak eta oinarri zientifikoak kontuan hartuta.